Irakurketa kluba – Norak suhiltzaile izan nahi du
Idazlea: Arantza Iturbe
Marrazkilaria: Elena Odriozola
Argitaletxea: Elkar
Norak suhiltzaile izan nahi du. Txikitatik. Bere amak esaten du osaba Tomasen errua dela, behin bonberoen kamioi bat ekarri ziolako Norari New Yorketik opari. Eta suhiltzaile izateko grina piztu ziolako. Pertsona helduek, amak, aitak eta baita osaba Tomasek berak ere, onartzen zioten Norari suhiltzaile izateko ametsa, txikia zen bitartean, baina handituz doan bezala, ahaleginak eta bi egiten dituzte Norak txikitako ilusioa bertan behera utz dezan. Izan ere, ilusioek eta ametsek ez dute asko irauten jende helduaren baitan, denboraren joanak ilusioak eta ametsak itotzen baititu, haurraren xalotasuna eta begirada galdu daitezen uzten badira.
Norak, ordea, bereari eusten dio, eta zuzenean joan da suhiltzailetara suhiltzaile izateko zer behar den galdetzera. “Lehenengo hazi eta gero etorri” esan dio suhiltzaileen buruak, eta Norak baietz erantzun dio, hazi, haziko dela, egoteko lasai, eta gero etorri ere egingo dela, ziur egoteko horretaz ere, ez baitu utziko denboraren galbaheak ilusioak eta ametsak mehetu diezaizkion.
Oso istorio hunkigarria, non neskato bat bere ametsari eusteko tinko agertzen den, eta geu ere, irakurleek badakigu ez duela bere ilusio horretan amore emango. Guzti hau Elena Odriozolaren marrazki zoragarriekin osatuta.
No hay comentarios:
Publicar un comentario